XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Testuak lantzen

Ondoko testuari lehen zatia eta azken zatia falta zaizkio.

Ipin itzazu zuk, azkenean ematen diren aukeretan egokiena hartuz.

Begiratu horretarako testuen arteko lotura eta segida.

(lehen zatia )....

Udaltzainek adierazi dutenez, Tere Valiente izeneko andre bat esandako semaforo horren ondoan egoten omen da askotan, gorrian pasatzen diren auto guztien matrikulak hartzen.

Gero, komisaldegira joan eta gidarien kontrako salaketa aurkezten omen du.

Laguntza handia da hori guretzat, esan omen du udaltzain buruak, gidariak pixka bat beldurtzeko ez da batere sistema txarra.

Gaur eguerdian, esate baterako, hantxe zegoen Valiente andrea ikasleak eskolatik irten diren garaian.

Ikasleak espaloian zeuden bidea pasatzeko zain.

Halako batean, semaforoa gorri jarri da.

Aurrena zetorren autoa, ordea, gelditu beharrean, abiada azkartu egin du eta ziztu bizian pasatu du semaforoa.

Valiente andreak, jakina, papera hartu eta autoaren matrikula idatzi du.

Lehenago ere askotan egin izan du horrelakorik.

Joan den astean, hain zuzen, gidari bat auzitegira deitu zuten, haren salaketa bat zela medio.

Gidaria auzi gelan sartu zenean, Valiente andrearekin egin zuen topo.

Zu izan al zara salatzailea?, esan zion haserre, Ikusi zintudan bai, semaforo ondoan, nire autoaren matrikula hartzen.

Baina ez zenbiltzan zuzen.

Nik ez nuen semaforoa gorrian pasatu.

Horian pasatu nuen.

Aldatzeko puntuan zegoen bai, baina ni pasatu nintzenean horia zegoen artean.

Epailea batari eta besteari entzun ondoren, zer egin ez zekiela geratu zen.

Azkenean, froga garbirik ez zegoenez, zigorrik gabe bidali zuen gidaria.

Valiente andreak ez zuen, hala ere, horregatik etsi.

Hantxe segitzen du eguerdiero-eguerdiero semaforo ondoan, papera eskuan, gidari axolakabeen matrikulak hartzeko prest.

Eta, egia esan, haren lana ez da alferrekoa: gidari askok ezagutzen dute degoeneko emakumea eta hura ikusitakoan moteldu egiten dute abiadura.

Ez da nire asmoa jendeari trabak ipintzen ibiltzea, baina pasatu nuena pasatu ondoren, zerbait egin behar dudala uste dut.

Hortxe dago, hain zuzen, bere jokabidearen arrazoia.

Orain urtebete semaforo hartan harrapatu zuen auto batek Valiente andrearen semea, zauri larriak eraginez.

Ez nuke nahi, esaten du, beste inori horrelakorik gertatzea.

Joan den asteko epaiaren ondoren zailago egin zaio, ordea, lana.

Orain ez baita nahikoa salaketa aurkeztea.

Salaketa frogatu egin behar da orain, argazkiak erakutsiz edo lekuko gehiago ekarriz.

....(azken zatia)

salaketa: denuncia

udaltzain: policía municipal

ziztu bizian: a gran velocidad

artean: todavía

auzitegi: juzgado

epaile: juez

axolakabe: desaprensivo

jokabide: comportamiento